EPIKTETO
EPIKTETO filosofo grekoa (55-135), estoikoen eskolakoa, esklabo bizi izan zen bere bizitzaren urte gehienetan, Erroman. Behin libertatuta, Greziako Nikopolis hirian bere eskola propioa sortu eta erromatar patrizio asko bertara erakarri zituen, besteak beste, Flabio Arriano, Adrianoren garaian itzal handiko historiagile bilakatu zena.
?Enkhiridion (Eskuliburua)? Epiktetoren ikasbidea dugu. Pasarte laburrez osaturiko testu horretan, norberaren ezagutzea eta bertutea praktikatzea aldarrikatzen dira, ataraxia (aztoramen gabetasuna) eta apatheia (sentimen gabetasuna) printzipioetan oinarrituta, alegia, azaleko itxuraz haratago, arrazoizko ekite onberak gidaturik, halabeharrak ezarritako patua bere horretan onartzea.
OROIT ZAITEZ AUTOREAK NAHI DUEN bezalako antzerkiaren antzezle zarela: laburrarena laburra nahi badu, luzearena baldin eta luzea nahi badu. Zuk behartsuarena egitea nahi badu, dagokion bezala egin dezazun ere nahi du. Berdin herrenarena, agintariarena edota partikular batena. Hau da, beraz,zure zeregina: eman zaizun pertsonaia ongi antzeztea; hautatzea, ordea, beste bati dagokio.
Limes Bilduma
Mugatu den oro agortu egiten da bere mugatasunean. Mugagabe den oro desegiten da bere mugarik ezean. Mugartekoa, ostera, infinitu eta anitza da. Limes bildumak mugartekoa izan nahi du, mugaz bi aldeetatik isurtzen diren urak edango lituzkeen iturria bezala: pentsamenduaren eta literaturaren berri eman, literaturaren bidez pentsamendua azaldu duten ahots desberdinei lekua eskainiz.